XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Hiztegigintza ez da errez amaitzen den katea, aita Lino Akesolok dioenez, hiztegi beharra beti dago eta.

Baina joan den apirilean Bilbon aurkeztu zen eta aste honetan Donostian ezagutzera emango den Diccionario de Autoridades de la Lengua Vasca delakoa bide landu eta lantsuaren azken urratsa da, Lino Akesolo karmeldarrak azkenik lortu bait du bere aurretik hainbatek esku artean erabili duen hiztegia amaitzea.

Goitik-beheraino eskuz egindako hiztegia, alegia.

Duela aste batzuk aita Lino bere bizitzaz mintzo bagenuen orrialde hauetantxe, oraingo honetan bigarren aurkezpen honen bidean dagoen hiztegia dakar solasgai bakartzat.

Aita Lino Akesolo eta berak zuzendu duen lanaren koordinatzaile izan den Koldo Ortega (Olazabal argazkia).

Hiztegi landu eta lantsu baten historia... Jakina da Manuel de la Sota bilbotarrak gertutik ezagutu eta miretsi zuela Resurrección María de Azkue, azken honen arreba Sotatar aberats eta ospetsuen etxean enplegatua bait zegoen....

Gerra aurrean bururatu zitzaion beraz Manuel de la Sotari Azkueren hiztegia osatzea, eta 1935an hasi zen Azkuek hatz-artean ahaztutako hitzak biltzen.

Gerrak, ordea, Sotaren hitz bilduma ere desegin zuen, eta gudaldia pasa eta gero ekin zion bigarren aldiz lanari.

Lehenengo urrats haietan, Pierre Laffite izan zuen lagun eta laguntzaile de la Sotak, baina abadea begietako gaitzak jo zuen, eta Euskaltzaindiari utzi zizkion lantzerik ez zeuzkan lehenengo esku-izkribuak.

Eta Euskaltzaindiak, 1968an, Jose Maria Martin de Retana argitaldari eta irakasleari luzatu zizkion.

Bazirudien, beraz, hiztegiak argirako bidea hartua zuela....

Retanak Lino Akesolo karmeldarrari agindu zion lana, bai eta lehenengo aleak kalean jarri ere.

Baina Retanaren argitaletxea bilduma osoa kaleratu aurretik desagertu zen, eta, berriro ere, kulunkan gelditu hiztegi osatugabea.

Azkenik, talde kementsu bat izan da ziklo nahastua itxi duena, Anaya taldea, hain zuzen ere.

Lanari amaiera ematea posible egin du, eta hasera batetan zuen itxura berberarekin plazaratu du, hainbat urte hiztegi honi eman zizkionaren omenetan Diccionario Retana de autoridades de euskera izenpean.

Bestalde, euskal hiztegigintzaren historian ezagutu den katalogo dotore eta disdiratsuena prestatu du obra ezagutzera emateko, el acontecimiento editorial más importante de Euskadi edo eta edo eta oraindik una obra imprescindible para el estudio del euskera bezalako esaldi erakargarriz lagundua.

Hiztegien hiztegia.

Manu de la Sota, Pierre Laffite, Gabriel Manterola, Damaso Inza, Koldo Mitxelena, Polikarpo Iraizozek eta abarrek ezin izango dute obra kalean ikusi.

Lino Akesolo gidaria, ordea, badirudi historia luze honek amaiera zoriontsua izan duela ikusteak indarberritu egin duela.

Hala, marketingaren eskariei gogozko baietza emanda, etengabe luzatzen da berak inork baino hobe ezagutzen duen biragunez beteriko bidea argitzen.

Lanaren lehenengo oinarria Manu de la Sotaren fitxeroa izan bazen ere, urteetan zehar iturri asko erabili dira.

Eta, Autoridadeen hiztegia bada ere, ez dira bakarrik euskal literatura edo hizkuntzagintzak historian zehar izan dituen autoridadeek erabilitako hitzak jaso.

Aldizkari eta egunkarietan erabili ohi zen kaleko euskara ere hartu da kontutan hiztegia moldatzeko, eta aita Lino Akesolok dioen moduan, honek beste hiztegi batzuengandik bereizten gaitu.

Dena den, ezin esan hurrengo egunotan Donostian aurkeztuko den hiztegia hiztegi arrunta denik, ez eta gutxiago ere.

Egunerokotik ateratzen dira bederatzi tomo dotoreak, eta egunerokotik urrun daude hiztegi honetan gordetzen diren aberastasunak, azken batean, hiztegi bat izateaz gain, hiztegien hiztegia bait da, gure hizkuntzaren historian zehar euskarari egin zaizkion aportazioak jasotzen dituena, eta hitz bakoitza bere kontestuan jartzen duena.

Zentzu honetan, erabilgarria gerta dakioke hiztegi hau euskararekin zerikusirik duen edonori, batez ere, gure lexikoaren aberastasunaz jabetu eta, gaurkoarekin parekatuz, eguneroko euskara aberastu eta borobiltzen saiatu nahi duenari.

Iturburuak hain desberdinak izanik, hiztegian zehar mugitzen diren urak ere arras diferenteak dira.

Euskalki literario guztiak daude ordezkatuta, aukeran, batua ere bertan delarik.

Hala ere, ezin uka, aita Linoren aitorpenaren arabera, Iparraldekoak nagusitzen direla hiztegi hau osatzerakoan....

Bestelako berezitasunik ere badu biografia korapilotsudun hiztegi honek.

Gaur egun ohizkoak diren tekniken ordez, amanuensearen lana izan da aita Akesolorena.

Hau izango dugu, agian, eskuz beteriko fitxa zaharretaz baliaturik egindako azkeneko hiztegia....

Nahiz eta, zenbait kasutan, Mitxelenaren hiztegia teknikarik aurreratuenekin moldatzen ari direnean laguntza eskergarria jaso duten paper artean eta historia luze honetan zehar fitxaren bat galdu duten hauek....

Hiztegiak beti behar dira dio Akesolo hiztegigileak, alboan lanaren koordinatzailea izan den Koldo Ortega duela.

Batez ere, dio, hau bezalako hiztegiak, bederatzi tomo horietan gordetzen bait da bere ustez gaur errazegi, eta gauzak arinegi egiteagatik, kutsatzen den betiko eta betirako euskara.